XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaua iristen zenean, beren kontseilurako sutxoaren inguruan biltzen ziren batzarrerako, basoa aintziraren ertzean hiltzen den paraje ezkutuan.

Han bildurik, sua indartu ondoren, taldearen abesti sekretua kantatu, eta danborren soinuaren erritmoak bertaratu guztiak batu eta barrenean batasunaren seinalea argitzen zielarik taldearen dantza ospatzen zuten, suaren inguruan zazpi buelta eman arte, tribuko nagusiei betidanik entzuna zieten bezala.

Danborra isildu eta dantzak amaitzen zirenean, kontseilurako esertzen ziren denak suaren argitara, eta bakoitzak bere izena gogoratu, bere ahalmenezko abesti sekretua isilean kantatu, eta bere izpirituari dei egin ondoren, urarekin, lurrarekin, zeruarekin eta suarekin hitzegin eta haien esanak entzunik, biharamunerako erabakiak hartzen zituzten elkarren akordioz.

Egun batzutan, neguko eta udako eguzkiaren hasera, izokiaren etorrera edo gereziak loratzen direneko jaiak zirenean, tribuan gau osoko ospakizunak zirenean alegia, zazpi mutikoek, kontseiluko batzarrearen ondoren, lurrean zanga bana egin, haietan sua piztu, zotalez estali alde banatan zulotxo bana utziz suak arnasa har zezan, bertan etzan eta hantxe geratzen ziren lotarako.

Halako egun batean hurrengo kontseilu gauerako afari bat ospatzea proposatu zuen buruzagi gazteak, nagusiek zuten ohiturari jarraituz.

Bakoitzak gauza bana ekarriko zuen etxetik; halakoak arto zopa, bestelakoak orkatz okela, hurrengoak beste zerbait, eta halaxe zazpiak.